AURKEZPENA |

CORTADA 2019”
VITORIA-GASTEIZKO FILM LABURREN XXIII. JAIALDIA
UPV/EHUko Arabako Campusa, Vitoria-Gasteiz
Abenduaren 11etik – 14era


CORTADA, XXIII. EDIZIOA. AURRERAPAUSO BATEN BILA

CORTADA jaialdiaren 23. edizioa ospatuko da abenduaren 11tik 14ra. Bosgarren urtez, aintzat hartuko da jaialdiaren kalifikazioa Espainiako Zinema Akademiaren GOYA sarietarako, eta laugarrenez Forqué sarietarako. Horregatik eta CORTADA jaialdia estatuko zinematografiaren sektorean finkatu delako, aurten 1.279 film laburrek eman dute izena.
52 lan aukeratu dira lehiaketaren atal desberdinetan, eta kalitatea da hautatutako film laburren ezaugarri nagusia. CORTADAren egitaraua jende guztiarentzako modukoa izan ohi da beti, eta aurten ere ezaugarri hori izango du jaialdiak. Hala, denetik ikusi ahal izango da: egile-zinema arriskatuenean bide berriak irekitzen dituzten film labur apurtzaileak, interes mota guztientzako genero-lanak, eta ahaztu gabe bertako eta unibertsitateko proposamenak, horiek baitira jaialdiaren ezaugarri nagusia.
CORTADAren proposamen artistikoak oso itxura ona du, bai, baina erakundeen aldetik babes handiagoa eskatzen dugu jaialdiak ekitaldi gehiago izan ditzan eta Europara zabaldu ahal izan dadin. Izan ere, jaialdia erabat finkatuta dago, eta Goya eta Forque sarietarako kalifikatzen duten bi euskal jaialdietako bat da, baina CORTADA eta estatuko beste lehiaketa batzuen aurrekontuaren arteko aldea izugarria da. Are gehiago, jaialdi hau da bere kategoriako 33 lehiaketen artean aurrekontu txikiena duena. Eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzen diguten instituzio eta erakundeei, baina laguntza ekonomiko handiagoa behar dugu, ez gaitezen desagertu eta aurrera egin dezagun. Gasteiz estatuko film laburren munduko mapan dago, eta zinemagileak CORTADAn sartzeko borrokan aritzen dira.
Erabateko konpromisoa dugu euskal film laburrekin; horregatik, abenduaren 13an, EUSKAL ZINEMAREN EGUNA ospatuko dugu. GUREAK eta HEMENGOAK ataletan, hau da, Euskal Herriko eta Arabako film laburren ataletan hautatutako lanak emango dira bertan. EUSKARAZKO zinemaren aldeko apustua ere nabarmena izango da CORTADAn, hainbat ataletan aukeratutako lanekin eta abenduaren 12an egingo den EHUSKARABANDA BIDEOMARATOIArekin.
Jendea animatu nahi dugu Dendarabako Vital Fundazioa Kulturuneara etor dadin abenduaren 11tik 14ra, formatu txikiko zinema onenaz gozatzera eta urte hauetan hainbeste poz eman diguten zinemagile berriei txalo egitera; izan ere, ikusleak dira CORTADAren motor garrantzitsuena.

GORA CORTADA